Euskal enpresek EESren erronkak partekatu dituzte haien enpresa-kudeaketan

Bizkaia

• Euskaltelek antolatu duen jardunaldian erakunde hauetako ordezkariek parte hartu dute: Nazio Batuen Mundu Hitzarmenaren Espainiako Sarea, Aenor, Deusto Business School, Arcelor Mittal, Eroski, Iberdrola, BBK, Cadenas Vicinay, Caja Laboral, Kutxa eta Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak.

• Parte-hartzaileek emandako hitzaldietan argi ikusi da euskal enpresetan Erantzukizun Sozialak egoera ona duela.

Euskaltelek gaur goizean egin du, Mundu Hitzarmenaren Espainiako Sarearekin lankidetzan, “Erantzukizun Sozialak euskal enpresa-ingurunean dituen erronkak” jardunaldia. Horren helburua da erantzukizun sozialak gaur egungo enpresetan duen paperari eta enpresa-kudeaketan txertatzeari buruzko hausnarketa egitea. Ekitaldi horretan, enpresetako ehun ordezkari inguruk parte hartu dute, arlo horretan izandako esperientziak ikuspegi ezberdinetatik azaltzeko.

Euskaltelen kontseilari zuzendari nagusiak, Alberto García Erauzkinek, ireki du jardunaldia. Parte-hartzaileei konpainiaren EESren Gidaplanaren berri eman die, eta nabarmendu du hori enpresaren Plan Estrategikoaren barruan txertatua dagoela. Pertsonei buruzko atalak duen garrantzia aipatu du, eta bertara etorritakoei azaldu die langileen bizitza profesionala eta pertsonala uztartzearen alde egin dela, urte osoan lanaldi jarraitua ezarrita. Hala, uztartze-neurriak ezarri dituen erreferentziazko operadore bilakatu da Euskaltel.

Halaber, Euskaltelen abian jarri den Berdintasun Planaren berri eman du. Zehazki, enpresan emakumearen ahalduntzea lortzeko zazpi printzipioak dituen dokumentua sinatu berri du konpainiak. Maila guztietan emakumearen berdintasunaren alde Munduko Hitzarmenak eta UNIFEMek (Emakumearentzako Nazio Batuen Garapen Funtsaren) sustatu duen ekimenaren zati da dokumentu hori.

Bestalde, Juan de la Motak, Nazio Batuen Mundu Hitzarmenaren Espainiako Sarearen presidenteak, Enpresen Erantzukizun Sozialaren barruan Munduko Hitzarmenarekin izandako esperientziaren berri eman du. Horretarako, EESak egungo enpresa-ingurunean duen ikuspuntu orokorra azaldu du, eta Nazio Batuen Mundu Hitzarmenak munduan eta Espainian erantzukizun soziala uztartzean duen papera nabarmendu du.

Isabel Garrok, berriz, 10. printzipioari buruz hitz egin du, hau da, ustelkeriaren aurkako borrokari eta reporting-ari buruz; bi gai horiek Mundu Hitzarmeneko gaurkotasuneko gaiak dira. Horretarako, ustelkeriaren aurkako borrokari eta gardentasunaren sustapenari buruzko Arriskuak eta ezarpen-erremintak kudeatzeko gida praktikoa aurkeztu du. Halako ezaugarriak dituen Espainian argitaratutako lehen argitalpena da, eta ustelkeria-kasuen prebentziorako, kudeaketarako eta arriskuen kontrolerako erremintak jasotzen ditu. Gainera, Munduko Hitzarmeneko Espainiako Sarearen zuzendari orokorrak analisi baten emaitzak aurkeztu ditu: Munduko Hitzarmeneko Espainiako Sarea sinatu duten enpresek azken urtean aurkeztutako Aurrerapen Txostenen analisiarenak.

Ibex-35eko enpresek iraunkortasunean duten aitzindaritzari buruz hitz egin du Manuel Escuderok, Deusto Business School-eko zuzendari orokorrak eta Munduko Hitzarmenaren aholkulari bereziak. Aditu horren esanean, globalizazioak eta egungo munduko krisi ekonomikoak agerian utzi du bizi dugun paradigma berria. “Inoiz ez dugu orain bezain argi izan paradigma berri baten aurrean gaudela, mundu berri baten aurrean, alegia. Mundu horretan, iraunkortasuna oinarrizkoa da gizartearekin bere osotasunean topo egin eta lasai hitz egin nahi duten enpresentzat”. Horri dagokionez, Espainiako multinazionalak bost kontinenteetan hedatu dira azken urteetan; aitzindaritza eraginkorra hartu dute iraunkortasunaren eremuan, eta iraunkortasunean izan beharreko aitzindaritzaren atributu ia guztietan jarduera nabarmena edo apartekoa izan dute. Oraindik egin beharreko bideak eta landu beharreko alderdiak badira, baina Espainiako enpresa nagusiek modu apartean aplikatu dituzte Hitzarmenean jasotako giza eskubideei, lan-estandarrei, ingurumen-betekizunei, gardentasunari buruzko eta ustelkeriaren kontrako irizpideak. Escuderoren ustez, EAEko enpresak eredua dira EESen ezarpenari dagokionez, “aspalditik aplikatu dute hori egunero, konturatu gabe”.

Luz Emparanzak, Aenor-en EAEko ordezkaritzako zuzendariak, EESren kudeaketa-sistemei buruz hitz egin du, eta aipatu du ISO 260000 arauan enpresen estrategietan EESak ezartzen laguntzeko gida dagoela. Arau hori sortzeaz arduratu diren agente guztiek izan duten adostasuna nabarmendu du.

EESa EAEko enpresetan

Jardunaldiaren amaieran, mahai-inguru bat izan da, Alfonso Unceta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak moderatua, eta hartan parte hartu dute Izaite (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkartea) osatzen duten enpresek. Mahai-inguruan, hauek azaldu dituzte beren ikuspuntuak: Ignacio Agreda, Arcelor Mittal-eko Komunikazioko, Kanpo-harremanetako eta Ardura Korporatiboko zuzendaria; Marta Areizaga, Eroskiko EESren zuzendaria; Pedro Beitia Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiko ordezkaria; José Félix González, Iberdrolako EESren arduraduna; Mª Angeles Guridi, BBK-ko Berdintasunaren eta EESren zuzendaria; José Felix Gonzalo, Euskalteleko Kalitate eta EESren zuzendaria; Tomás López Cadenas Vicinay-ko Kudeaketa Sistema Integratuko zuzendaria; Pedro Mª López de Gámiz, Euskadiko Kutxako Kalitate Saileko ordezkaria, eta Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte eta Komunikazio Arloko zuzendaria.

Mahai-inguruan, parte-hartzaileek nabarmendu dute EESak kudeaketarako eta erakunde osoak konpromisoak hartzeko modu gisa hartu direla. Askok aipatu dute negozio-eredua guztiz aldatu dutela Enpresa Erantzukizuna aplikatzen hasi direnetik, eta adierazi dute gardentasuna oinarrizko betebeharra dela enpresaren emaitza nagusien berri ematean. Horri dagokionez, guztiek aipatu dute Munduko Hitzarmeneko printzipioak barnean hartu beharra dagoela eta enpresa-jarduerei sinesgarritasuna ematen dizkien memoriak egin behar direla.

Partekatu

Beste berri batzuk