Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak teknologia parke baten eta unibertsitatearen arteko lankidetza eredu berritzailea aurkeztu du Kopenhagen, Leioako UPV/EHU Zientzia Parkean hezurmamitu dena

Bizkaia

Mundu osoko 143 zientzia eta teknologia parkek esku hartu dute Parkeen Nazioarteko 28. Biltzarrean, Danimarkako hiriburuan

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta aipatu Parkearen arteko lankidetza eredu berritzailea aurkeztu du Kopenhagen. Elkarlan horren ondorioz, Leioako UPV/EHU Zientzia Parkea gauzatu da.

Aurkezpena Danimarkako hiriburuan ekainaren 19tik 23ra bitartean egindako Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko 28. Biltzarraren baitan egin zen. Aurkezpen hori Marian Ibarrondoren (BZTPko Berrikuntza eta Marketin arduraduna) artikulu batean jasota dago. Biltzarra IASPek (International Association of Science Parks) antolatu zuen, Danimarkako Scion DTU eta Symbion parkeen lankidetzarekin, eta Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidentea, Francisco Berjón, ere bertan egon zen.

Biltzarraren leloa “Berrikuntzaren etorkizuneko nabigazio mapak” zen, eta mundu osoko 143 zientzia eta teknologia parketako 500 ordezkari baino gehiago bertaratu ziren. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea aipatutako artikuluarekin parte hartzera gonbidatu zuten. Artikuluaren gaia zera zen: “Sendoa den teknologia parke batean unibertsitatea integratzeko hurbilketa berriak”, eta IASPk orain dela gutxi argitaratu du “teknologia parkeek nola egiten dieten aurre globalizazioaren aldaketei” deritzon atalaren barruan.

Leioako UPV/EHU Zientzia Parkearen eredua kontzeptu berritzaile baten ondorioa da, lehendabiziko aldia baita Europan Teknologia Parke batek eta Unibertsitate batek ahaleginak elkartzea erabakitzen dutena, ezaugarri horretako parke bat garatzeko: Zientzia Parke berriak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen multicampus proiektuarekin bat egiten du, eta eragin biderkatzailea izango du, berrikuntza eta garapen teknologikoa Lurralde Historiko osoan zehar barreiatzea ahalbidetuko duena.

Bukatu berria den edizioan, parkeen “etorkizuneko nabigaziorako hainbat ibilbide” zehaztu dira, eta horien bidez bai euren espezializazioa bai haien inkubagailuena areagotzea espero da, duten eragin soziala zein ekonomikoa optimizatzeko asmoz. Era berean, Kopenhageko topaketan zehar, ibilbide horiek sortzerako garaian parkeak gidatuko dituzten oinarrizko 3 eremu identifikatu dira: pertsonak eta eskumenak, ekonomia eta politika eta teknologia eta berrikuntza.

Guztira, Espainiako 23 zientzia eta teknologia parke joan dira aurtengo ekitaldira, pasa den urtean Hego Korean egindakora baino 6 gehiago, eta parte hartzaileen % 16 eraman dituzte, ordezkaritza zabalena izanik, Danimarka eta Brasilgoarenarekin batera.

Biltzarrak topagune bat izan nahi du, enpresen arteko nazioarte mailako harremangunea izateko parkeen zeregina sendotuko duena, bai misio komertzialak egiterakoan bai proiektuetarako edota esportazioetarako bazkideak bilatzerakoan.

Biltzarrean zehar hainbat ekimen egin dira, lehendabiziko osoko bi hitzaldiak izanik azpimarragarrienak. Lehenengoaren izenburua “The age of transformation” izan zen, eta bertan Joergen Bardenfleth-ek (Danimarkako Microsofteko zuzendari nagusia) eta Roy Sandbach-ek (Procter and Gamble multinazionaleko ikertzailea) ekonomiaren eraberritzean parkeek duten ezinbesteko eginkizuna aztertu zuten.

Bigarren hitzaldia biltzarrari izenburua ematen ziona izan zen, “Roadmaps for future navigation”, eta etorkizuneko ibilbideetan barrena parkeak gidatuko dituzten hiru arlo nagusietan sakondu zuen.

Partekatu

Beste berri batzuk