10 hilabeteko epean, Industria Sailak 1.555 teknologia berri ezarri ditu 417 euskal mikroenpresatan

Bizkaia

– Mekanikariak, ostalariak eta merkatariak, eta urte honen hasieraz geroztik gainerako sektore guztiak, teknologia berrien arloan dituzten premiei buruzko informazioa jasotzen ari dira SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez

– 417 mikroenpresa horietatik (242 Bizkaian, 117 Gipuzkoan eta 58 Araban) %58 merkataritzaren sektorekoak dira, %20 aholkularitza, zerbitzu juridikoak, zaintza pertsonaleko zentroak eta zerbitzu medikuak bezalako jardueretakoak, %16 ostalaritzakoak eta gainerako %6a ibilgailuentzako tailerrak

Hamar hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak informatikako eta teknologia berrien arloko 1.555 konponbide ezarri ditu 417 mikroenpresatan SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez abiarazi duen prozesu honen barruan. IKTak ezartzeko eta IKTen bidez lehiakortasuna hobetzeko prozesu hori era guztietako mikroenpresei zuzentzen zaie, eta bereziki hiru sektore hauetakoei: “Merkataritza txikizkaria”, “Motorrezko ibilgailuen mantenimendua eta konponketa” eta “Edari establezimenduak eta jatetxeak”. Hala, hamar langile baino gutxiagoko hamahiru bat mila negoziotako mekanikari, ostalari eta merkatariek eta arlo horietako autonomoek aukera dute beren informatikako premien neurriko diagnostikoak jasotzeko. Duela hiru hilabetetik hona, prozesu hau sektore guztiei zabaldu zaie.

1.555 konponbide horiek arlo hauetakoak dira: enpresaren posizionamendua Interneten, web atariak, posizionamendu birtuala Google maps aplikazioan eta enpresaren kudeaketa eraginkorra. 417 mikroenpresa horietatik (242 Bizkaian, 117 Gipuzkoan eta 58 Araban) %58 merkataritzaren sektorekoak dira, %20 aholkularitza, zerbitzu juridikoak, zaintza pertsonaleko zentroak eta zerbitzu medikuak bezalako jardueretakoak, %16 ostalaritzakoak eta gainerako %6a ibilgailuentzako tailerrak.

Bestalde, eguneratu egin da mikroenpresentzat erreferentziazkoa den “IKT konponbideen Katalogoa”. Katalogo horretan hainbat gai aztertzen dira, hala nola, posizionamendu birtuala, 2.0 hedabideetako promozioa, negozioaren kudeaketa eraginkorra, lainoko baliabideak eta 2.0 baliabideen erabilera.

Zerbitzu hauek aurkeztu zirenetik hainbat hilabete igaro direnez, IKTak ezartzeko prozesu honetan parte hartu duten negozioen %50 inguru ebaluatu dira. %90ak dio oso gustura dagoela zuzeneko onurak lortu dituelako bere negozioan IKTak ezarriz. %45ak dio IKTak ezarri ondoren gehiago saldu duela, konponbide berri aurreratuagoak balia ditzakeelako. Lehen fasean izena eman zuten negozio batzuek ekimenean berriro parte hartzea eskatu dute ezarpen aurreratuagoa edo sofistikatuagoa nahi dutelako.

IKTak denbora eta dirua aurrezteko
Hala, Eusko Jaurlaritzak proposatu du proiektuan parte hartu nahi duten enpresek www.euskadinnova.net helbidean eman dezatela izena. Enpresa horiek hainbat abantaila lortuko dituzte IKTen bitartez:
– Denbora eta dirua aurreztea joan-etorri gutxiago eginez gestio administratiboak konpontzeko tramite telematikoei esker.
– Negozioa ezagutzera ematea sare sozialak baliatuz edota web orri propioa sortuz eta,
– Negozioa modu eraginkorragoan kudeatzea inbentarioa automatikoki eguneratuz.

Ekimen hori “Mikrosektoreen analisia, palanka indarra egingo duten aplikazioak identifikatu eta ezartzea EAEko mikroETEetan” proiektu pilotuaren barnean sartzen da. EAEko mikroETEen enpresa-sarea sakon aztertu ondoren, 16 azpisektore aukeratu ziren lehenik eta hiru mikrosektore zehatz horiek ondoren, bi irizpide oinarritzat hartuta: garrantzi handia dute EAEko mikroETEen sarean eta batez bestekoa baino IKT ekipamendu maila baxuagoa dute.

Hiru sektoreen egoera datuak
Salmenta txikizkariko mikroenpresen kopurua (7.661) Euskadin dauden guztien %98,8koa da. 4 saltokitik 3k ordenagailu bat dute eta gehienetan mahai gaineko ekipoak izaten dira, baina gero eta gehiagotan daude funtzio anitzekoak, eramangarriak edota zerbitzari informatikoak. Posta elektronikoa da gehien erabiltzen den zerbitzu informatikoa, posta mugikorra eta Extranet dituelarik atzetik. Sektore honetako IKT adierazleak gainerakoetakoak baino baxuagoak dira. Baina oinarrizko azpiegitura teknologikoaren ezarpen maila gainerako sektoreetakoekin bateratzen hasi da.

Jatetxeen sektoreak Euskadiko ostalaritza enpresa guztien %27 (3.345 mikroETE) hartzen du. Edarien sektoreko mikroETEak berriz Euskadiko ostalaritzako mikroenpresa guztien %68 dira. Jatetxeen %12k ordenagailua dauka eta %9k posta elektronikoa eta Internet ere bai.

Ibilgailuen mantenimendu eta konponketaren sektoreko mikroETEen kopurua (2.007 mikroETE) Euskadin dauden horrelako enpresen %96 da. Hona hemen azpisektore horretako informazio teknologien ekipamendu maila: Ordenagailua %73,9, Internet %66,5 eta Posta elektronikoa %64,7.

  • Iturria: Spri
  • Data: 2012/04/02

Partekatu

Beste berri batzuk