Emprende2012 Foroak negozio berrien ia 1.000 proiektu bultzatu ditu

Bizkaia

Enpresa proiektu berria aurkeztu zuten 103 ekintzaileek proiektua benetan negozio bihurtu dezaketen 956 kontaktu egin zituzten, ekintzaileek berek emandako datuen arabera.
Aurreikuspenek 2.200 lagun bertaratuko zirela aurreratu baziguten ere, ekitaldiak 3.000 ekintzaile, inbertsiogile eta ekintzailetzako agente elkartu zituen. Gainera, 650 lagunek Internetez ikusi zuten jardunaldia “streaming” bidez.

Atzo Barakaldoko BECen eginiko Emprende 2012 Foroan enpresa proiektu berria aurkeztu zuten 103 ekintzaileek argi adierazi zuten ekitaldiaren bukaeran eginiko inkestan proiektua benetan negozio bihurtu dezaketen 956 kontaktu egin zituztela. Emprende Foroak 3.000 ekintzaile, inbertsiogile eta ekintzaileko agente elkartu zituen atzo eta, beraz, aurreikuspen guztiak gainditu ziren, hasieran aurreratu baitzen 2.200 lagun inguru etorriko zirela. Gainera, 650 lagunek Internetez ikusi zuten jardunaldia “streaming” bidez.

Euskal ekintzaileen topaketaren hirugarren edizioak erabat sendotzea lortu zuen atzo, argi geratu ondoren parte-hartzaileentzat oso interesgarria izan dela topaketako protagonistek berek -hots, enpresariek- diseinatzea topaketako programa. Industria eta Energia sailburu Xabier Garmendiak ekitaldiaren itxieran esan bezala, Emprende Foroa “erreferentzia bihurtu da Euskadin eta Euskaditik kanpo eta orain gure mugetatik haratago zabaldu behar dugu, urte gutxiren buruan nazioarteko eta, batik bat, Latinoamerikako erreferente bihur dadin”.

Emprende Foroan 200dik gora ekintzailek parte hartu zuten aktiboki eta 3.000 lagun bertaratu ziren, 2.000 goizez eta 1.000 inguru arratsaldez. Emprende Foroa topagune praktiko eta baliagarri bat da, non ekintzaileak elkartzen baitira negozio berriak sendotzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Espazio horretan ekintzailetzako eragile nagusiek (inbertsiogileek eta ekintzaileek) aukera dute elkarrekin harremanetan jartzeko; izan ere, ekitaldiaren formatua ekintzaileen premiei egokituz joan da, eta hala, harrera sozial bikaina izatea lortu du. Iaz 2.800 lagun bertaratu ziren.

Bere buruari artistikoki More Magoa deitzen dion José Luis Izquierdo Martínek aurkeztu zuen ekitaldia; José Luis Izquierdo magoa, aurkezlea, enpresaria, gidoilaria, aktorea, hizlaria eta artikulu idazlea da eta parte-hartzaile guztiak animatu zituen beren bizitza pertsonalean pasioa eta ilusioa berreskuratzera eta pasio eta ilusio hori edozein negozio edo jardueratan aplikatzera.

Ekitaldia antolatu zuen SPRI Taldeak (enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak) parte-hartzaileen presentzia mugatu behar izan zuen, 194 eskaera jaso baitzituen. Elevator Pitch espazioan 10 parte-hartzaile egon ziren, beren proiektuak azal ziezazkieten inbertsiogile potentzialei, baina 67 eskaera jaso ziren; “Speaker Corner” ahozko azalpenen espazio komertzialean 20 ekintzailek hitz egin zuten eta beste 74 ekintzaile entrenatzaile profesionalekin jardun ziren ahozko azalpenak prestatzen eszenaratzea hobetzeko.

15 tailer, 103 stand eta ahozko azalpen-jarduerak

Emprende Foroa topagune praktiko eta baliagarria izan zedin, espazio guztiak ekintzaileentzat eta ekintzaileek diseinatu zituzten, beraz, ekitaldiko antolatzaileen helburua izan zen protagonisten premia guztiei erantzutea.

Emprende2012 ekitaldian 15 tailer tematiko antolatu ziren. Enpresa berriak sendotzeko ezinbestekoak diren gaiei buruzko hitzaldiak eskaini ziren batzuetan eta balore pertsonalen garrantzia landu zen besteetan: eskuzabaltasuna, beldurra gainditzeko ausardia, arazoak erlatibizatu eta buruzkatzeko umore ona, sortzaileagoak izateko gaitasuna.

Negozio aretoa zabalik egon zen jardunaldi osoan zehar eta 103 stand baino gehiago egon ziren, non erakusleek beren proiektuak ezagutarazi zizkieten inbertsiogile eta balizko bezeroei.

Bestalde, bi espazio egon ziren proiektuen ahozko azalpenak egiteko: Elevator Pitch, finantzaketa bila dabiltzan proiektuentzat eta Speaker Corner, proiektuen aurkezpen espontaneoak egiteko espazio komertziala. Egon zen baita ere ko-ekintzailetzari eskainitako hirugarren espazio bat, beste ekintzaile batzuk ezagutzeko eta osagarriak izanez gero lankidetzak adosteko balio izan zuena. Era berean, aipatzekoa da Networking espazioa (kontaktu sarea zabaltzeko, balizko bezero edo laguntzak detektatzeko eta bi alderdientzat onuragarria izango den ekintza plana adosteko kolaborazioak), 50-75 lagunentzako tailer txiki bat, non ekintzaileek zukua atera baitzieten harremanetan jartzeko gaitasunari, eta 30 minutuko bizipen tailerrak non beldur eszenikoa gainditzeko tresnak aurkitu baitzituzten. Amaitzeko, itxiera saioaren aurretik beste espazio bat egin zen, inbertsiogile eta ekintzaileek beren esperientziak parteka zitzaten. Tailer hau aberasteko, inbertsio proiektu handiak dituzten ekintzaileen eta proiektu apalagoak dituzten beste batzuen iritziak bildu ziren, eta finantzaketa eskuratzeko beste tresna batzuez ere mintzatu ziren.

Emprende Foroaren lehenengo edizioa 2010ean izan zen eta geroztik Euskadiko ekintzailetzaren arloko ekitaldi nagusi bilakatu da. Emprende Foroak eboluzionatu egin du eta administrazioek ekintzaileei ematen zizkieten laguntzak erakusteko toki izateari utzi dio, ekintzaileek beren negozioak garatzeko, esperientziak partekatzeko eta adituen ezagutzak jasotzeko erabiltzen duten tresna bihurtzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk