Vicomtech-IK4-k ICIDS biltzarra hartuko du lehen aldiz estatuan: Teknologia berriak narratiba digitalera aplikatuta

Gipuzkoa

  • Teknologia berri horiei esker, erabiltzaileak jardun eta parte har dezake istorioan, eta, hala, narratiba mota berriak sortu ditzake
  • Istorio Digital Aktiboen Nazioarteko Biltzarrak (ICIDS) mundu osoko sortzaile eta programatzaileak ekarriko ditu Donostiara
  • Txostengileen artean, Richard Evans aipatu behar da, Sims 3 bideo-jokoko Adimen Artifizialaren programatzailea
  • Teknologia horien aplikazioek arlo asko hartzen dituzte, hala nola ikus-entzunezkoen arloa, bideo-jokoena, arlo pedagogikoa baita terapeutikoa ere.

Gaurtik (astelehena) azaroaren 15a bitarte, narratibara aplikatutako teknologia berriei buruzko nazioarteko biltzarra antolatu du Vicomtech-IK4-k, Gipuzkoako Parke Teknologiko eta Zientifikoan. Aurreko aldietan, Vancouverren (Kanada), Edinburgon (Erresuma Batua) edo Erfurten (Alemania) antolatu da biltzar hori.  Oraingo honetan, eta estatuan lehenengo aldiz, Donostia aukeratu da, Vicomtech-IK4-ren lankidetzari esker eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesari esker.

Lau egunetan zehar, mundu osoko sortzaile eta programatzaileek narratiba mota berriei eta haien tresnei buruz eztabaidatuko dute, eta horiek erakutsi. Narratiba mota berri horiek eta haien tresnek posible egiten dute erabiltzaileek interaktuatzea. Horrek guztiak istorio interaktiboak sortzeko programa informatikoak egitea eta hobetzea du helburu, modu sinplean eta programazioari buruzko ezagutzak izan beharrik gabe. Txostengileen artean, Richard Evans aipatu behar da, Sims 3 bideo-jokoko Adimen Artifizialaren programatzailea.

Sortzaileentzako, irakasleentzako edo terapeutentzako tresnak

Teknologia horiek aukera berriak sortzen dituzte komunikazioaren, hezkuntzaren eta entretenimenduaren arloetan. Besteak beste, adimen artifiziala, hizkuntza eta ulermen naturala duten pertsonaiak eta grafiko inteligenteak erabiltzen dira. Gainera, “egile-tresna intuitiboak” nola sortu ikertzen ari dira, irakasleentzat, terapeutentzat, gidoilarientzat nahiz sortzaileentzat. Hala, profesional horiek ikastaroak, istorioak edo terapia interaktiboak sortu ahal izango dituzte, informatika-ezagutzarik izan gabe.

Ildo horretan, Vicomtech-IK4-k garapen-bide horiek ikertzen ditu, beren jatorritik bertatik. Adibidez, ikus-entzunezkoen sektorearen arlorako, Vicomtech-IK4-k tresna bat sortu du modu automatikoan aktore baten jarduera errepikatzen duten avatarrak sortzeko mugimendua kapturatu behar izan gabe. Honako esteka honetan ikus dezakezue: http://youtu.be/LYONJPm1wbs

Beste alde batetik, irtenbide berri horiek narrazio tradizionalagoetara ere irits daitezke, hala nola filmetara edo komikietara; han, erabiltzaileak interaktuatu ahal izango du une bakoitzean nolako istorioa nahi duen erabakiz edo hura gertatzen den bitartean parte hartzeko aukera izanda.

Vicomtech-IK4

Vicomtech-IK4 ikerketa aplikatuko zentro bat da, eta ordenagailu bidezko grafiko interaktiboen eta teknologia multimediaren arloan aritzen da.  Zehazki, ikus-interakzioko eta komunikazioetako teknologietan  jarduten du.

2001ean sortu zen, Multimedian eta 3D Grafikoetan ari ziren zentro teknologikoen sare batek, nazioartean prestigio handiena duenak, eta EiTBk sustatuta. Geroago, 2005ean, bazkide kopurua handitu zen, eta, gaur egun, 20 kidek osatzen dute, hainbat arlo sozial eta enpresarialetakoak.

Partekatu

Beste berri batzuk