Abian da BTEK-ATHLETIC sustapen kanpaina Bizkaiko heziketa zentroetan

Bizkaia

>> BTEK-Athletic sustapen kanpaina Bizkaiko 300 hezkuntza zentrotan hastearekin bat, Teknologiaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko eskaerak nabarmen igo dira.

>> Ander Herrera eta Fernando Amorebieta jokalarien irudia da kanpainaren muina.

Ander Herrera eta Fernando Amorebieta, Athleticeko jokalariak protagonista diren BTEKen sustapen kartela Bizkaiko ia 300 hezkuntza zentrotan dago, DBH, Batxillergo, Lanbide Heziketa, Helduen zentro eta Heziketa bereziko zentroetan hain zuzen ere. Apirilean abiarazitako sustapen ekintza honek izan du eragina dagoeneko, izan ere azken asteotan nabarmen igo baitira Teknologiaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko eskaerak, bereziki aipagarria orain arte hurbildu ez diren lanbide heziketako zentroetatik erakutsitako interesa.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Athletic Fundazioak joan den otsailean egindako lankidetza hitzarmena da ekimen honen iturburua; teknologia eta kirola uztartuz, gazteak teknologiara hurbiltzeko helburua finkatu zuen hitzarmenak, horretarako hainbat ekimen aipatuz, besteak beste heziketa zentroetako sustapen kanpaina. Ekimen honen barruan, BTEK bisitatzen duten heziketa zentroen artean San Mamesera joateko sarrerak zozketatu dira; orain arte 22 zentrok lortu dituzte sarrerak.

Athletic Fundazioak antolatzen dituen Udaleku edota Kirol campusen egitarauaren barruan BTEKera bisitak programatzea eta fundazioaren kide diren enpresekin urtean bisita bat egitea ere aurreikusten du hitzarmenak.

Kanpamendu teknologikoak

Iaz bezala, aurten ere, udako Kanpamendu Teknologikoak egingo dira BTEKen ekainaren 25etik uztailaren 27ra. Errobotika izango da BTEKeko kanpamendu teknologikoaren gai nagusia eta parte-hartzaileek errobotak eraiki eta programatu ahal izango dituzte. 8 eta 14 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.

Ameriketako Estatu Batuetako ikasle talde bat BTEKen

Los Angeles hiriko “Academia Avance” heziketa zentroko gazte talde bat izan da BTEKen bisitari. 15 eta 18 urte bitarteko 20 gaztek eta hauen lau irakaslek osatutako taldeak bertatik bertara ikusi, ezagutu eta erabili ahal izan zituzten Teknologiaren Interpretazio Zentroko modulu desberdinak. Ikasle talde estatubatuarrak Euskadira egindako aste beteko bidaiaren barruan kokatu da BTEKera egindako bisita.

  • Iturria: BZTP
  • Data: 2012/05/17

Partekatu

Beste berri batzuk