Garuneko simulagailuak

Gipuzkoa

Basque Center onCognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak, uztailaren 12tik 14ra bitartean Miramar jauregian antolatuko duen NCPW13 kongresuak psikologia konputazionaleko mundu-mailako aditurik handienak bilduko ditu Donostian. Diziplina horrek garunean ematen diren informazio-fluxuak aztertzen ditu, jarraian ordenagailu bidezko simulazioetan berregiteko, hainbat aplikaziori esker adimen artifiziala edo gaixotasunen tratamendua bezain diferenteak diren alorretan erabiltzeko. Gary Lupyan da kongresuan parte hartuko duen adituetako bat, eta jendearentzat erabat irekia izango den solasaldia eskainiko du uztailaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, Donostiako Aquarium-ean.

BladeRunner filmeko erreplikanteari hil aurretik erakusten duen gaitasun liriko izugarri hura txertatzeko gaitasuna izan zuen sortzaileak giza garunak funtzionatzeko duen moduan aurkituko zuen zalantzarik gabe bere inspirazio-iturri nagusia, jarraian, garunaren funtzionamendua simulazio batean erreplikatzeko, makinak pertsona baten moduan sentitu ahal izan zezan.

Psikologia konputazionala da garunean ematen diren informazio-fluxuak aztertzen dituen zientzia, eta hainbat aplikazio ateratzen dira hortik: BladeRunner-eko erreplikanteen gisako adimen artifiziala, esaterako, edo Alzheimerra bezalako gaixotasunen tratamendua, nagusienak aipatzearren. Diziplina zientifiko horretan mundu-mailako aditurik handienak bilduko dira Donostian uztailaren 12tik 14ra bitartean Konputazio Neural eta Psikologiako XIII. Kongresuan (NCPW13).

Miramar jauregian egingo den Kongresu hori, Basque Center onCognition, Brain and Language (BCBL) izeneko erakundeak antolatuko du, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Udako ikastaroekin eta Ezagutzako Sistema Artifizialen Aurrerapen, Interakzio eta Robotikarako Sare europarrarekin lankidetzan.

Biltzarrak aurkeztuko duen programa akademikoa nazioarteko mailarik gorenean koka daiteke, psikologia konputazionalaren eremuan nazioarteko aditurik gorenetakoa eta BCBLko batzorde zientifikoko kidea den AEBeko Stanford Unibertsitateko James L. ‘Jay’ McClelland-en moduko izar handiek hartuko baitute parte bertan.

Era berean, Wisconsin-Madison Unibertsitateko Mark Seidenberg, Colorado-ko Unibertsitateko Randall C. O’Rilley, eta Gary Lupyan iparramerikarren mailako ikertzaile ospetsuak etorriko dira kongresura hizlari gonbidatu gisa. Azkeneko adituak, adibidez, jendearentzat erabat irekia izango den solasaldia eskainiko du uztailaren 13an Donostiako Aquarium-ean.

Konputazio-zientziaren aitatzat jotzen den Alan Turing ikertzailearen jaiotzaren mendeurrenarekin eta aurreneko NCPW kongresua ospatu zeneko XX. urteurrenarekin bat egiten du Kongresu honen XIII. edizioak, eta adimen artifizialeko, ezagutza-zientziako, konputazioko, neurobiologiako, filosofiako eta psikologiako aditu ugari elkartuko dira bertan, ezagutza-ereduen inguruan egindako ikerketak eztabaidatzeko.

Programaren barruan hitzaldiak, ahozko saioak eta poster zientifikoen aurkezpenak biltzen dira, psikologia konputazionalaren eremuan ideien eta ezagutzen elkartrukea sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen ekitaldi moduan.

Psikologia konputazionala

Zientziaren ikuspegitik, psikologia konputazionalaren funtsa ezagutzaren mekanismoak eta garunaren lan egiteko sistemak interpretatzeko eredu teorikoak garatzean datza. Mintzaira edo memorizazioa bezalako ezagutza-mailako eginkizunak garatzen ditugunean, garunak nola funtzionatzen duen aztertzeko erabili ohi diren eredu horiek lortu duten konplexutasun-maila hain da handia ezen programa informatikoak balira bezala garatu beharra baitago, ordenagailu bidez egindako simulazioak baliatuz hain zuzen ere.

Meteorologoek munduko zona diferenteetan tenperatura eta presio-neurketak eginez eguraldia iragartzeko simulazio numerikoak erabili ohi dituzten modu berean, eredu neurologikoen ordenagailu bidezko simulazioek ere giza portaerak aurresan ditzakete neuronen arteko elkarkonexioen inguruko informazioetatik abiatuz.

Eta informazio hori erabil daiteke makinei pertsonen eguneroko hizkerak hain bereak dituen zentzu bikoitzak edo ugari baino ugariagoak diren ez-dago-esan-beharrik-ere horiek hobeto ulertzen lagunduko dieten eredu linguistikoak sortzeko

Psikologia konputazionalak garuneko mekanismoen gain eskaintzen duen ezagutza sistema adimendunak optimizatzeko erabil daiteke. Esate baterako, gizakiekin hizkuntza diferenteetan komunikatzeko gai diren robotak garatzeko erabil daitezke sistema horiek, edo burtsako joerak aurresan eta iragartzeko, edo baita argazki baten edukia modu bizkorrean identifikatzen lagunduko duen softwarea garatzeko ere.

Horrez gain, eta psikologia konputazionalari esker, dislexia bezalako ikaskuntza eta mintzairaren asalduen, edo Alzheimerraren moduko gaixotasun neurodegeneratiboen diagnostikoa egiteko lagungarri izango diren garuneko jardueraren ereduak ezar ditzakete ikertzaileek.

BCBL erakundeak psikologia konputazionalaren eremuan dihardu lanean Donostiako Teknologia Elkartegian dituen bere instalazioetan. Donostiako teknologia-parkeko zientzialariek eredu neurokonputazionalak baliatzen dituzte ordenagailuaren bidez pertsona osasuntsuetan bezala baita asalduak eta trastornoak dituzten ume, heldu eta adinekoetan ere mintzairaren eta lengoaiaren eskuratzea eta prozesamendua nola garatzen diren ulertzeko lagungarri gertatuko zaizkigun simulazioak egiteko.

Eguna: 11/07/2012

Partekatu

Beste berri batzuk