1.500 gazte Eusko Jaurlaritzak sustatutako atzerriko 430 beketarako

Bizkaia

  • Global Training programak 430 beka eskaini ditu atzerriko enpresetan lan egiteko eta sekulako arrakasta izan dute, 3.000 eskaera baino gehiago jaso baitira. Hizkuntzak menperatzen dituzten eta goi-mailako, erdi-mailako edo LHko gradu goreneko tituluak dituzten gazteei zuzenduta daude.
  • Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro inguru esleitu ditu nazioartekotze beken proiektu globalerako.
  • Maiatzean beste 100 diru-laguntza eman ziren. Beka programa hau Ekonomia Irekiaren aldeko apustuaren barruan dago eta apustu hori Enpresen Lehiakortasunerako 2010-2013 Planean jasota dago.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak sustatutako nazioartekotzeko 430 Global Training bekek interes handia piztu dute euskal gazteen artean, 1.500dik gora gazte aurkeztu baitira izen-emate epea itxi ondoren. Guztira, 3.000 eskaera baino gehiago jaso dira, batez beste bi eskaera interesatu bakoitzeko, zeren gazte horiek erakunde kolaboratzaile bat baino gehiagotara aurkez baitaitezke eskaerak tramitatzean.

Joan den astean egin zen ingeleseko proba eta aste honetan jakingo da nortzuek gainditu duten proba hori. Irailean banan-banako elkarrizketak egingo zaizkie merituengatik eta lortu duten notarengatik erakunde laguntzaileen zerrendetako postu onenetan dauden bekadunei.

Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro bideratu ditu Nazioartekotze Bekak proiekturako, eta horri gehitu behar zaizkio Kutxabank osatzen duten euskal aurrezki kutxen gizarte-ekintza ildoak jarri dituen 1,5 milioiak eta Donostiako Sustapena erakundeak emandako 300.000 euroak. Iragan maiatzean 100 nazioartekotze beka eman ziren Jaurlaritzaren programa tradizionalaren barruan (aurten Global Training erantsi zaio programa horri), baina beka horiek iaz 25 urte bete zituzten unibertsitateko lizentziatuentzat baino ez dira.

Global Training diru-laguntzak 30 urte baino gutxiago dituzten gazteei zuzentzen zaizkie; gazte horiek ingelesa edo beste hizkuntza batzuk menperatu behar dituzte eta goi-mailako, erdi-mailako edo LH gradu goreneko titulatuak izan behar dute.

Laguntzek bi fase dituzte: lehenengoan onuradunek 40-60 ordu bitarteko prestakuntza ikastaro bat jasoko dute (bekaren aurretik) nazioartekotzeari buruzko gaiak lantzeko eta bigarren fasean 6-12 hilabete bitarteko egonaldi praktikoa egingo dute atzerriko enpresa edo organismo kolaboratzaile batean.

Nazioartekotze Beketan izandako esperientziak frogatu du atzerrian honelako praktikak egiten dituzten gazteek ia ziurtatuta dutela beren lan etorkizuna. Hain zuzen, hamar bekadunetik zortzik sei hilabete baino gutxiagoan aurkitzen dute lana.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotzerako Beken Programan parte hartu duten 800 bekadunetik 500 inguru lanean ari dira gaur egun nazioartekotzearekin lotutako zereginetan.

Bekadunen jomugei dagokienean, Europa da profil berri hau duten profesional gehien hartzen dituen kontinentea, baina, euskal enpresen interes komertzialen norabideari jarraiki, gero eta gehiago dira Txina eta Brasilera doazen bekadunak.

Enpresen Lehiakortasunerako 2010-2013 Planaren baitan konpromisoa hartu zen Ekonomia Irekiaren aldeko apustu sendoa egiteko eta asmo hori betetze aldera jarri da martxan mintzagai dugun plana, izan ere nazioartekotzea baita Plan horretako ardatz nagusietako bat.

Partekatu

Beste berri batzuk