Kalera irten da BIOESKOLA BBK: ortu bat Kale Nagusian

Bizkaia

Gaur, abenduak 20, Bioeskola BBK aurkeztu da Bilbon. Nekazaritza ekologikoko proiektua da, gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortu eta hiri-inguruneko bizi-kalitatea hobetzen duena. Bilboko Kale Nagusian bertan Bioeskola BBK-k hiri-ortua landatu du gaur eta egun osoz egongo da.

EMAÚS Bilbao Gizarte Ekimeneko Sozietate Kooperatiboak, BBK Gizarte Ekintzak eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak sustatutako egitasmoa da Bioeskola BBK eta Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen, Zamudioko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Innobasqueren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Gizarte Funtsaren lankidetza du.

Bioeskola BBK nekazaritza-produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko ekimena da, gure inguru hurbilean eta ekoizlearengandik kontsumitzailera zuzenean. Xedea gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea da, banan-banako bideak jarraituz eta euren enplegagarritasun mailara egokituz.

Gainera, prestakuntza- eta sentiberatze-jarduerak gauzatzeko lekuak eskainiko dizkie ikasleei bereziki eta herritarrei oro har.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak aukeratutako 24 gizon-emakumez osatutako talde batek prestakuntza jasoko du Zientzia eta Teknologia Parkeak lagatako 30.000 m2-ko lursailean. BBK Gizarte Ekintzak 240.000 euroko ekarpena egin du ekipamenduak eraikitzeko.

Proiektu horrekin Zamudioko Arteaga auzoko bi lurzati landuko dira eta produktuak kontsumitzaileen artean zuzenean merkaturatuko dira. Horrela gizarte osoak parte hartu dezake Bioeskola BBK proiektu integratzaile, prestatzaile eta hezigarrian.

Eskola ekologikoa da eta bertan ereiten dira lan-mundura sartzeko zailtasun gehiago dituzten pertsonen etorkizunerako fruituak.

Zein dira Bioeskola BBKren helburuak?

Egitasmo honek hiru helburu ditu. Alde batetik, lan-munduan sartzeko zailtasunak dituztenen enplegagarritasun-aukerak hobetzea prestakuntza eta gaikuntza eskainiz, ondoren lehen sektorean lan egiteko aukera izan dezaten.

Bestalde, elikagai ekologikoen ekoizpena areagotzea eta, hala, Bizkaiko lehen sektorea indartzea.

Azkenik, hirugarren helburua Bizkaiko biztanleak sentiberatzea da, elikagai-ekoizpen mota horren, hau da, gure inguru hurbilean ekoiztearen eta kontsumitzearen garrantziaz jabe daitezen.

Bioeskola BBK: proiektu hezigarria eta iraunkorra

Egitasmo horrekin batera prestakuntza-gela bat abiaraziko da Bizkaiko ikastetxeetako ikasleak ekoizpen ekologikoaren garrantziaz sentiberatzen laguntzeko eta, horrela, proiektuak gure lurraldeko gizartearentzat eta lehen sektorearentzat duen garrantzia uler dezaten.

Gainera proiektu iraunkorra da. Nola lortuko da? BBKren diru-ekarpena jaso eta behin martxan jarrita, ustiategian ekoizten diren nekazaritza ekologikoko produktuak salduz bermatuko da proiektuaren iraunkortasuna.

Salmentarako estrategia bi fasetan antolatuko da: lehenengoan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean –Zamudio– egoitza duten enpresetako langileen artean merkaturatuko dira produktuak; bigarren fasean, interesa duten pertsona ororen artean, eta webgune baten bidez eskatu ahalko dira produktu ekologikoak biltzen dituzten saskiak.

Emaús, Bioeskola BBKren sustatzailea

1970az geroztik Emaús Bilbao Gizarte Ekimeneko Sozietate Kooperatiboak hainbat proiektu gauzatu ditu Euskadin gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei gizarteratzen laguntzeko asmoz, ingurumenarekin loturiko zerbitzu-jarduerak garatuz eta ekonomia sozial nahiz solidarioaren printzipio eta baloreekin bat etorriz.

Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua

Nekazaritza ekologikoa ustiapen-sistema bat da, baliabide naturalen erabilera optimoan oinarritutakoa, inolako produktu kimikorik ez hazi transgenikorik erabili gabe. Hala, elikagai organikoak lortzearekin batera, lurraren emankortasuna kontserbatzen eta ingurumena errespetatzen da. Ekoizpen iraunkorra da beraz, ingurumena errespetatzen duena.

Foru Aldundiko nahiz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailek eta Ingurumen Ministerioak hazkunde-ahalmen handikotzat jotzen dute nekazaritza ekologikoko sektorea; izan ere, bat dator produktuen diferentziazio, kalitate, eta ingurumen-babesari buruzko estrategia europarrarekin.

Hori hala da pertsona kopuru handi bat (bereziki EAEn) horrelako produktuak eskuratzeko prest dagoelako (kalitatearen, osasunaren eta iraunkortasunaren aldetik duten balio erantsiagatik), baina eskaintza ez da nahikoa.

Gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea

Emaúsek ibilbide garrantzitsua egin du laneratze-enpresak martxan jartzen eta kudeatzen, bai Bizkaiko lurralde historikoan bai Arabakoan, eta hainbatetan BBK Fundazioaren babesa jaso du. 2011n 6 laneratze-enpresa kudeatu ditu zuzenean eta beste bosten kudeaketan parte hartzen ari da beste erakunde sozial batzuekin batera.

Laneratze-enpresak legalki honela deskribatzen dira: “ondasun eta zerbitzuak ekoizten dituzten egiturak […], zeinen helburua desabantaila sozial edo gizarte-bazterkeria egoeran dauden taldeen laneratzea baita. Hortaz, ikaskuntza-prozesu egokiaren bidez, trebetasun sozialak, lanekoak, oinarrizko prestakuntza, lan-trebakuntza eta merkatuari buruzko ezagutzak eskuratu ahalko dituzte euren enplegagarritasun-baldintzak hobetu ahal izateko”.

Gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako enpresa bereziak dira eta bertan trebetasun sozialak eta lanekoak eskura ditzakete lan egiten duten bitartean, urte gutxiren buruan lan-merkatu arruntera sartzeko aukera izateko.

Ekoizpen-merkatura sartzen direnean baliabide ekonomiko propioak dituztenez, progresiboki utz diezaiokete gizarte-laguntzak jasotzeari eta euren egoera pertsonala normaldu daiteke. Ondorioz, euren autonomia hobetzen da eta euren enpleguari esker, altxor publikoak itzulkin ekonomiko positiboa du.

Jarrai ezazu hemen: #bioeskolabbk

Partekatu

Beste berri batzuk