%32 igo dira Hezkuntza Zentruek BTEKera egindako bisitak 2012an

Bizkaia

  • Ikasleei zuzendutako bisita eta tailerrez gain, BTEKek hainbat jardunaldi jaso zituen iaz, hala nola udako kanpamendu teknologikoak, bigarren urtez.
  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Teknologiaren Interpretazio Zentroak ia 10.000 bisitari jaso ditu duela hiru urte inauguratu zenetik hona.

BTEK, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Teknologiaren Interpretazio Zentroak 2.200dik gora ikasle eta irakasleren bisita jaso zuen 2012. urtean zehar, aurreko urtean baino %32 gehiago. Teknologia gazteengana hurbildu eta kultura zientifiko-teknologikoa bultzatzeko helburua duen zentroaren modulu desberdinak ezagutu, ikutu eta erabiltzeaz gain, ikasleek tailerrak ere egiten dituzte bertan: Biozientzia tailerra, Robotika tailerra eta martxan jarri berri den Hidrogenoaren tailerra, hidrogenoaren teknologiei eta energia berriztagarriei buruzko tailer praktikoa hain zuzen ere: teknologia hauekin lotura duten kits desberdinak erabiliz, hidrogenoaren teknologiek egoera desberdinetan nola funtzionatzen duten erakusten da tailer horretan.

Guztira, 3.800 inguru izan dira 2012.urtean zehar BTEK bisitatu dutenak. Jatorriari dagokionez, bisitarien gehiengoa bizkaitarra bada ere, Gipuzkoa eta Arabatik ere nahiko bisitari jaso ditu zentroak, baita beste herrialde batzuetatik ere, adibidez AEBtik; izan ere Los Angeles hiriko “Academia Avance” heziketa zentroko gazte talde bat izan zen BTEKen  maiatzean.

Era berean, Teknologia eta Kirola uztartzen dituen hitzarmena sinatu zuten BTEK eta Athletic Fundazioak, iazko urte hasieran; hitzarmen honen ondorioz, Ander Herrera eta Fernando Amorebieta jokalarien irudia ardatz nagusi hartzen duen sustapen kanpaina jarri zuen martxan zentroak, emaitza oso onak izan zituen kanpaina, bisita eskaerak nabarmen igo baitziren harrez gero. Honekin batera eta bigarren urtez jarraian, Udako Kanpamendu Teknologikoak egin ziren BTEKen ekaina eta uztailean.

Iazko jardunari dagokionez, jasotako bisitez gain, zentroak hainbat jardunaldi, hitzaldi eta topaketa ere hartu zituen, besteak beste Txorierriko mankomunitateak antolatutako “Ezagutu Aukeratzeko” jardunaldia, DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleen gurasoei zuzendutakoa; zientzia eta museologiaren komunikaziorako adituak prestatzeko jardunaldia; irakasleentzako prestakuntza saioak; Elhuyar Olinpiadaren X.edizioaren sari banaketa; eta  Zero-HytechPark proiektu europarreko kideen bilera. Proiektu honi lotuta, azpimarratzekoa da BTEK izango dela egitasmo horren hedapena egiteaz arduratuko dena; horretarako, BTEKek modulu berri bat estreinatu du, iraunkorra eta interaktiboa, hidrogenoaren teknologiak zer diren azaltzen duena.

Estatuko Zientzia eta Teknologia Museoen eta Planetarioen zuzendari eta arduradunen bileran hartu zuen parte lehen aldiz BTEKek, sare horretako kide bihurtzeko urrats garrantzitsua. BTEK European network of science centres and museums, Europako Zientzia zentro eta museoen sareko kidea bada.

2010.eko ekainean inauguratu zen BTEK, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 602 eraikinean. Ordutik hona ia 10.000 bisitari jaso ditu zentroak.

Partekatu

Beste berri batzuk