Arabako Teknologi Parkearen garraio publikoari buruzko proposamenari oniritzia eman dio Gasteizko Mugikortasun Foroak

Araba

  • “Garraio publikoa, sustapen ekonomikorako tresna” proposamenak garraio publikoa izatearen garrantzia azpimarratzen du, enpresa berriak ezarri eta jardun ekonomikoa sortzen laguntzeko.
  • Arabako Teknologi Parkeak aurkeztutako proposamena izan zen boturik gehien lortu zuena Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroaren hirugarren bileran.

Arabako Teknologi Parkeak “Garraioi publikoa, sustapen ekonomikorako tresna” izeneko proposamena aurkeztu zuen Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroak urtarrila bukaeran egin zuen lan-bileran. Miren Bilbao, parkeko zuzendari teknikoak, garraio publikoak jardun ekonomikoan duen garrantzia azpimarratu zuen, hiritik urruti dauden eremuetan jarduera ekonomikoa sustatu eta bultzatzen baitu.

Arabako Teknologi Parkearen kasuan, Gasteizkoa izan arren, hiri-garraiorik ez duela esan zuen zuzendari teknikoak eta horrenbestez Parkea hiriko zirkulazio-ordenantzan  sartzeko eskatu zuen, baita Parkera hiri-garraioa helarazteko ere, enpresa eta jardun berrien ezarpena erraztuko zuelako, ibilgailuen joan-etorria murriztearekin batera. Egun, Arabako Teknologi Parkean 100 enpresa daude kokatuta eta 2.600tik gora pertsonak egiten dute lan bertan, lurraldeko toki desberdinetatik egunero Parkera joan behar dutenak.

Arabako Teknologi Parkearena izan zen, hain zuzen ere, Foroko partehartzaileen artean boturik gehien jaso zuena; beraz, Gasteizko Udaletxea proposamena aztertzen hasiko da.

Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako Herritar Foroa, 2006.urtean eratutako herri partaidetzarako plataforma da, mugikortasun arloan hiriaren etorkizuneko agertokia definitzea helburu duena. 2012.eko azaroan lan-bilerak egiten hasi zen, hiriko zirkulazioaren ordenantzaren aldaketa aztertzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk