Tapiak argi adierazi die klusterrei ekonomiaren suspertzea manufaktura industriaren eskutik iritsiko dela eta espezializazio adimendunak lehiakortasuna sendotuko duela

Araba

–      Industria Abagunearen Behatokiak iragarri du 2013an euroguneko BPGaren hazkunde-joera ez dela aldatuko iazkoarekin alderatuta (-%0,5) eta 2014an balio positiboak lortuko dituela (%0,9).

–      Esportazioak eta zenbait sektore, hala nola biozientziak, aeronautika eta itsas industria, dira ekonomiaren alderdi positiboak

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak gaur esan du ekonomiaren suspertzea manufaktura industriaren eskutik iritsiko dela eta espezializazio adimendunak Euskadiren lehiakortasuna hobetuko duela. Baita ere adierazi du Jaurlaritzak arlo publikoaren eta pribatuaren arteko sinbiosia bultzatzen jarraituko duela, egoera ekonomiko zail honi aurre egiteko. Aipatu du klusterrek eta sektore elkarteek ahalegin handia egin dutela krisiak enpresa-sarean izan dituen efektuak gainditzeko.

Gogoeta horiek denak Bilbon egin ditu Tapiak, gaur arratsaldean ospatu den Industria Abagunearen Behatokian (IAB), non Euskadiko hainbat klusterrek euskal industriaren diagnostikoa egin baitute. Administrazioa eta enpresariak bat etorri dira esatean egoera larria bizi dugula. Gainera, agerian geratu da Euskadi herrialde esportatzailea dela, nahiz eta esportazioak murriztu egin diren, eta zenbait sektorek (besteak beste, biozientziak, aeronautika eta itsas industria) aurreikuspen positiboak dituztela.

Ekonomiaren Garapen sailburuak Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa azaldu die hainbat sektore industrialetako ordezkariei. Tapiak esan duenez, “lehenbailehen konpondu nahi ditugu krisiak euskal enpresen gainean izan dituen efektuak eta horretarako apustu sendoa egin dugu produkzio industriaren alde”.  “Hasieratik-bertatik azkar jokatu dugu, krisiari industriaren eta enpleguaren bidez erantzuteko”. Zentzu horretan, gogora ekarri du martxan jarri dutela Funts zirkulatzailea, Enplegu Plana onartu dutela eta etengabe ematen dituztela enpresa proiektuak finantzatzeko abalak.

“Ziurrenik hori guztia ez da nahikoa izango – erantsi du Tapiak – eta horregatik, etorkizuneko proiektu industrialen oinarri izango diren neurriak artikulatzen ari gara.  Sinetsirik gaude industria aurreratu eta espezializatuak trakzio indarra egingo duela gainerako sektore ekonomikoetan ”.

 

Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak fabrikazio aurreratu, eraginkor eta iraunkorragorantz eraman nahi duela industria, teknologia eta material berriak sartuz eta berrikuntza integratuz produktuen diseinu nahiz merkaturatzean, zerbitzu eta konponbideetan, negozio ereduetan eta kudeaketa sistemetan. Horrez gain, berrikuntza eta teknologia transferitzeko prozesuak hobetu behar dira eta horren emaitzak industria guztietan aplikatu.

 

Bestalde, SPRIko (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia) zuzendari nagusi Alexander Arriolak argi esan du enpresen tamaina arazoak gainditu behar direla eta balioa eman behar zaiela bakoitzaren gaitasun eta indar-guneei, garapen maila berreskuratzeko enpresariekin, klusterrekin eta enpresa sektoreekin batera lan eginda.

 

Industria Abagunearen Behatokiaren ondorioak

 

Klusterrek gaur eginiko IABren batzarrean aztertu eta azaldu dutenari dagokionez, aipatzekoa da 2013an euroguneko BPGaren hazkunde-joera ez dela aldatuko iazkoarekin alderatuta (-%0,5) eta 2014an balore positiboak lortuko dituela (%0,9). Beste behin ere esportazioak dira sektore ia guztietako datu itxaropentsuenak. 2011n 20.000 milioi euro lortu ziren esportazioetan eta 2012an mantendu egin zen kopuru hori. 20.000 milioi horiek BPGaren gaineko %30,7 dira, hots, Italian baino bost puntu gehiago, Alemanian eta Frantzian baino %9 gutxiago, baina Espainian baino %10 gehiago. Datu horri eta inportazioen jaitsierari (%-9,4) esker, 4.749 milioi euroko merkataritza saldo errekorra lortu da 2012an. 2013ko lehen bi hilabeteetako euskal esportazio eta inportazioen datu konbinatuek 396 milioi euroko emaitza positiboa adierazten dute.

 

Enpresa elkarteek beste datu garrantzitsu bat eman dute joera esportatzaileari eta biztanleko esportazioen balioari buruz, eta datu hori Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta, ikusten da Euskadi bigarren tokian kokatu dela Nafarroaren atzetik, ondoren datoztelarik Katalunia, Galizia eta Madril.

 

2013ko lehen hilabeteetako BPGaren %1,7ko atzeraldiak eta enpleguaren %3ko gainbeherak eragina izan dute Euskadin ere, baina zenbait sektorek aurreikuspen positiboak dituzte datozen hilabeteetarako: biozientziak, aeronautika eta itsas industria. Nekazaritza eta elikaduraren sektoreak, aldiz, gorabehera gutxi izan ditu, pisu ekonomiko handia duelako eta eragin handia duelako tokiko enpleguan.

 

 

Datuak sektoreka:

 

Sektore aeronautikoa eta espaziala: Hegan elkartean 4.036 lagun enplegatzen dituzten 38 konpainia biltzen dira eta 2012an 767 milioi euro fakturatu zituzten (+%30). 2013ari begira iazko antzeko hazkundea espero dute eta, gainera, uste dute aeronautikako nahiz makina-erremintako tokiko enpresen kontratuak ugaritu egingo direla.  Era berean, 2012ko joerari jarraiki, ETEetako esportazio zifra pixkanaka hobetzen doala nabaritu da.  Enpleguaren joerak ere 2012koaren antzeko goranzko bilakaera izan du.

Ikus-entzunezkoen sektorea: Eiken klusterrean 1.354 lagun enplegatzen dituzten 32 enpresa biltzen dira eta 2012an 63,54 milioi euroko fakturazioa izan dute. Argi ikusten da sektore hau makaldurik dagoela, ikus-entzunezkoen sektore publikoak (telebista publikoak) ez duelako apenas trakzio gaitasunik.

Automobilgintzaren sektorea: 292 enpresa biltzen ditu eta 2011n 10.000tik gora milioi euro fakturatu zituen. 2012a ondo hasi zuen, baina urtearen bigarren erdian salmentak jaitsi egin ziren. Hala ere, Europar Batasunetik kanpo egindako esportazioak biziki hazi dira, barne merkatua atzerantz doan arren. Euskadiko zuzeneko enplegua  murriztu egin da. Euskal enpresek fabrika berriak ireki dituzte atzerrian eta epe ertainera hazkundea izatea espero dute.

Ekipo ondasunak eta energia: 12.649 lagun enplegatzen dituzten 80 enpresa biltzen ditu eta 45.531 milioi euroko fakturazioa izan dute. EAEko elektrizitate eskaera %7 murriztu zen. Gas naturalaren kontsumoa, berriz, %6,2 hazi zen. Aurreikuspenen arabera, petrolioaren eskaera eta kontsumotik eratorritako diru-sarrerak suspertu egingo dira 2014rako. Ingeniaritza enpresek beren fakturazio mailak mantendu dituzte maila teknologiko handia dutelako eta oso espezializatuta daudelako. Ingeniaritza, instalakuntza eta muntaia sektoreari dagokionez, 2013an aurreikuspen hobeak dituzte nazioarteko kontratuen lizitazioetan parte hartzen duten enpresek, nahiz eta lan-esku asko behar izateak zailtasun handiak ekarriko dizkien.

 

Biozientziak: 980 lagun enplegatzen dituzten 31 enpresa biltzen ditu eta 289,4 milioi euroko fakturazioa izan dute. I+G-ko inbertsio zifrak 34 milioikoak izan dira, ahalegin handia egin da nazioartean zabaltzeko, eta urtearen bigarren erdirako fakturazioa eta esportazioa hobetzea espero da.

Eraikuntza: Eraikune klusterrean 9.600 lagun enplegatzen dituzten 96 enpresa daude. Sustapen, ingeniaritza, arkitektura eta eraikuntza berriekin lotutako jarduerek beherantz egin dute oro har. Zaharberritze-lanek bilakaera hobea izan dute.

Etxetresna elektrikoak: 5 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 1.406 milioi euroko fakturazioa izan dute 2012an. Fabrikatzaileek hobeto eutsi diote kontsumoaren jaitsierari beste fabrikatzaile batzuei eginiko salmentei esker.  Lehiakide kopurua eta kostuak hazi diren arren eta prezioak baxuagoak badira ere, lehiakortasuna hobetzea espero dute.

Elektronika eta telekomunikazioak: 10.807 lagun enplegatzen dituzten eta 2.708 milioi fakturatzen duten 266 enpresa daude Gaia-TEIC klusterrean eta, hasierako aurreikuspenekin alderatuta, jaitsiera jasan dute emaitzetan. Azpi-sektoreka bilakaera oso desberdinak eman dira, IKT arloko enpresek jasan dutelarik eragin handiena, eurek dutelako nazioarteko presentzia gutxien.

Burdinbide ekipoak: 8.793 langile dituzten eta 1.974 milioi euroko fakturazioa duten 23 enpresa daude. Eskaera zorroak behera egin du 2013ko lehen hiruhilekoan. Hala ere, 2012ko esportazioak 1.500 milioi eurotik gorakoak izan ziren, 2011n baino %10 gehiago. Sektoreko enpresetan enplegua murriztu egin da egoeraren eta merkatuaren ondorioz.

Esku-erreminten fabrikatzaileak:  1.464 lagun enplegatzen dituzten 24 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 191 milioi euroko fakturazioa izan dute. Lehen hiru hilabeteetan aurreko urte amaierako joera negatibo berbera mantendu da. Dena den, esportazioek merkatu nazionalekoek baino askoz ere bilakaera hobea dute.

Forjaketa: 1.810 lagun enplegatzen dituzten 14 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 341 milioi euroko fakturazioa izan dute 2012an. Europa inguruko esportazioek beherantz egin dute eta Ipar Amerikarakoak, berriz, hobetu egin dira.

Galdaketa:  Elkarte honetan 7.250 langile enplegatzen dituzten 68 enpresa daude eta 2012an 1.209 milioi euro fakturatu dituzte. 2012ko lehen erdia positiboa izan zen eta bilakaera positibo horrek konpentsatu zituen bigarren erdiko jaitsierak. Esportazioek merkatu nazionalak baino bilakaera hobea izan dute. Enplegu globala %3 murriztu da.

Habitata eta Contract: HABIC klusterrean 5.350 langile enplegatzen dituzten 106 enpresa biltzen dira eta 1.130 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa hazi egin da zuraren atalean bazkide berriak integratu direlako. Zenbait herrialdetan esportazioa jaitsi egin da eta beste batzuetan hazi, esaterako, Latinoamerikan. Merkatu berriek perspektiba positiboak dituzte: Magreb, Errusia, Ekialde Ertaina, e.a.

Elikadura eta nekazaritza industria: Elikadura klusterrean 50 enpresa biltzen dira. Kontsumoaren jaitsiera gero eta nabarmenagoa da eta, beraz, fakturazioa ere beherantz doa. Baina esportazioetan argi ikusten da prezioak jaitsi eta kostuak igo egin direla.

Itsas industria: Euskadiko Itsas Foroa klusterrean 5.790 lagun enplegatzen dituzten 325 enpresa biltzen dira eta 695 milioi euroko fakturazioa izan dute. Enpresa horien enplegu maila %8 murriztu da aurreko urtearekiko, jarduera urriagoa delako. Fakturazioa %7 murriztu da EAEn, batez ere Tax Lease sartu izanagatik, hots, Europar Batasunak salatu eta bertan behera utzi duen finantza egituragatik. Baimendutako tresna berria ezarritakoan, sektorea suspertzea eta, beraz, enplegu gehiagorik ez suntsitzea espero da.

Makina-erreminta: AFM klusterrak 5.557 langile enplegatzen dituen 99 enpresa biltzen ditu Euskadin eta 910 milioi euro fakturatu ditu 2011n.

Ingurumena: Aclima klusterrean 2.711 lagun enplegatzen dituzten 64 enpresa daude eta 1.563 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurreikuspenen arabera, 2013an fakturazioak 2011 eta 2012ko emaitzak berdinduko ditu. Era berean, 2012aren itxierako enplegu maila mantentzea espero dute eta I+G+B bultzatuko dute ingurumen sektorearen lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko.

Papera: 1.650 langile enplegatzen dituzten eta 2011n 614 milioi euro fakturatu zuten 20 enpresa biltzen ditu. 2013ko lehen hilrihilekoa oso txarra izan da eta oro har urtearen amaierarako egoera zatituta dago, zeren apur bat suspertuko da baina eskaerak ahula izaten jarraituko du. Egoera ekonomikoaren ondorioz I+G+B-ko inbertsioa murriztu egingo da.

Produktu eta instalakuntza siderurgikoak: Siderex klusterrak 13.000 lagun enplegatzen dituzten 49 enpresa biltzen ditu eta 2012an 5.612 milioi euro fakturatu zituen. 2012an oro har eskaera jaitsi egin zen, baina 2013rako aurreikuspenak ez dira askoz txarragoak. Esportazioak  %15 murriztu ziren eta sektoreko puntako enpresak beren I+G-ko gastuak, inbertsioak eta langile kopurua murrizten ari dira.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Mugikortasun eta logistika klusterrak 102 enpresa biltzen ditu eta 2012an 22.152 milioi euro fakturatu zituzten guztira. E-commerce-rekin lotutako negozio logistikoa asko hazi da, urtean %7,5,  eta errepide bidezko garraioa, berriz, %3 murriztu da. Gainera, 2013rako %1 jaistea espero da. Enpresa askok Latinoamerikara bideratu dituzte beren indarrak, bai ordezkaritzak irekiz eta bai tokiko enpresekin akordioak lortuz. I+G-ko inbertsioa handia da oraindik, nagusiki mugikortasun eta ITS-ko (garraio sistema adimendunak) enpresetan.

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk