SPRIk izena aldatuko du eta aurrerantzean ‘Lehia Eraldatzeko Sozietatea’ deituko da

Araba

Sozietatearen izen-aldaketa, SPRI akronimoa mantenduko duena, Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuen Legea onartzean sartuko da indarrean


SPRIren Administrazio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe dagoen Sozietate Publiko honen izen-aldaketa onartu du. Orain arteko ‘SPRI’ akronimoa mantenduko den arren (marka sendoa eta prestigioduna delako), aurrerantzean ‘Sociedad para la Transformación Competitiva – Lehia Eraldatzeko Sozietatea, S.A.’ deituko da, ‘Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua’ deitu beharrean.

Izen-aldaketa ofiziala izango da Legebiltzarrak Euskal Autonomi Erkidegoko 2011rako Aurrekontu Orokorren Legea onartzen duenean, non honi buruzko artikulu bat baitago. Gainera, Sozietatearen xedea zabaldu egingo da, aukera izan dezan merkataritza eta turismo sektoreetako sustapen ekintzak barne hartzeko. Aldaketa oso txikia izango da, zeren egingo diren jarduerak kontzeptualki lehengo berak baitira, baina industri sektorera ez ezik, beste enpresa sektore batzuetara ere zabalduko dira.

Orain arteko izena erabat aproposa zen 80ko hamarkadan, industriak eraldatzeko premia zeukalako. Gaur egun, ordea, beste egoera batean gaude eta ‘eraldaketa’ hitzak lehen zuen zentzuak, hots, hasierako egoerara itzultzeko behar horrek jada ez du balio. Enpresek eraldatuta atera behar dute krisitik bai, baina aldaketak eredu berri batera eraman behar ditu eta ez lehengora, lehiatzeko ingurunea desberdina delako.

Esan bezala, egungo egoera desberdina da eta beraz beste ekintza batzuk behar dira. Hala, SPRIren funtzioa izango da gure enpresei eraldatzen laguntzea, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2010-2013 epealdirako ezarritako Lehiakortasun Planean biltzen diren ardatz estrategikoei jarraituz. Plan horrek programa eta zerbitzuetarako 99 ekintza zehatzen bidez garatuko ditu ardatz estrategiko horiek, eta horietatik 63tan esku hartuko du SPRIk.

Zehazki eta beharrizan berri horiei erantzuna emate aldera, SPRI Taldea hainbat neurri hartzen eta erakundea egokitzen ari da, bere jarduera bezeroen beharrizanetara gehiago zuzentzeko, prozesuak optimizatuz eta aurrekontua egokituz. Dagoeneko ekin dio bide horri eta hainbat aurrerapen egin ditu:

– Resiste estrategia: Estrategia diseinatzen eta inplementatzen lagundu du. Enpresa taldeei dagokienean, 74 enpresa talderi lagundu die (621 sozietate eta 35.500 langile) eta mikroETEei dagokienez, aurten 400 enpresa ingururi emango die arreta. Bestalde, hainbat Renove plan garatu dira arazoak dituzten sektoreetako eskaera suspertzeko.

– Compite estrategia: Nazioartekotzeko jarduerak ugaritu dira, inbertsioak erakartzeko eremu bat sortu da (Invest in Basque Country), Ekintzailetzari laguntzeko departamendu-arteko proiektu bat garatu da, lehiakortasunaren arloko 49 eragile inguru inplikatu dira Innovanet sarean ETEen lehiakortasuna hobetzeko ekintzak hedatu eta sustatzeko eta beste hainbat jarduera ere burutu dira.

– Lidera estrategia: Bio eta Nano estrategiekin jarraitzeaz gain, besteak beste, auto elektrikoaren proiektua eta ‘smart grids’ edo sare adimendunak bultzatu dira.

– Azpiegiturak: krisia krisi, inbertsioa mantendu da tresna antizikliko gisa, finantzaketa publiko-pribatuko sistema berriei esker (Galarreta, Galdakao edo Gueñesen egin den bezala).

Partekatu

Beste berri batzuk