Sunflower egitasmoari buruzko bilera hartu du Bizkaiko Teknologia Parkeak: “Energia iraunkorreko komunitate europarren alde lanean”

Bizkaia

Gaur eta bihar, 2010eko maiatzak 13 eta 14, Bizkaiko Teknologia Parkean “Sunflower”, “Energia iraunkorreko komunitate europarren alde lanean”, egitasmoari buruzko bilera egiten ari da Intelligent Energy Europe (IEE) programaren baitan.

2008ko irailean ekin zitzaion proiektu honi eta 2011ko otsailean amaitzea aurreikusita dago. Energia berriztagarriei buruzko egitasmoetan praktika onen adibideak sustatzean, hedatzean eta ezartzean datza, bereziki energia berriztagarrietarako potentzial handia eta eskala handiko proiektu gabezia ezaugarri dituzten lekuetan Parke enpresarialak, zientifikoak eta teknologikoak sortuz.

Bizkaiko Teknologia Parkeak Teknologia Parke europar arrakastatsu baten eredua eskainiz hartzen du parte eta, horretarako, aurreko beste proiektu europar batzuetan, “Ecopadev” kasu, eta iraunkortasunari buruzko egungo egitasmoetan duen eskarmentuaz baliatuko da. Bizkaiko Teknologia Parkearen, Turineko Teknologia Parkearen —Envipark (Italia)— eta North York Moors Parke Naturalaren (Erresuma Batua) ereduak energia berriztagarrietarako potentzial handia duten Europako eremu premiadunen, hala nola, Txekiar Errepublikaren, Bulgariaren eta Portugalen eskualde-garapenerako erabili ahal izatea lortu nahi da horrekin. Gainera, Europako bi unibertsitate politeknikoen (Arroxelako EIGSI, Frantzian, eta Lisboako IDMEC) partaidetzarekin batera, energia berriztagarriekin loturiko Portugalgo eta Bulgariako enpresetan diharduten etorkizuneko ekintzaileei prestakuntza eskainiko zaie.

Egitasmoaren gainean Bilbon egiten ari den bileran energia berriztagarriek Euskadin duten egoera ezagutuko da, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) energiaren sektoreko enpresak aurkeztuko ditu Energiaren Klusterraren partaidetzarekin eta, horrez gain, Tecnalia Taldeak garapen teknologiko berrienak ezagutzera emango ditu. Gainera, Fundación del Hidrogeno fundazioak Aragoik energia berriztagarrietarako duen potentziala aurkeztuko du. Bizkaiko Teknologia Parkea jada dabil aipatu fundazioarekin lankidetzan iraunkortasunari buruzko beste proiektu europar batean (Zero-Hytechpark, Life+ programaren baitan). Azkenik, Teknologia Parkean eta Euskadiko beste tokiren batean energia berriztagarriak nola erabiltzen diren ikusteko aukera egongo da.

Topaketa honetara 21 pertsona bertaratu dira, proiektuko partaideen ordezkari gisa (Mourako Udal Ganbera, Portugal; Lisboako Ingeniaritza Teknikoko Goi Mailako Institutua, Portugal; Envipark, Italia; North York Moors Parke Nazionala, Ingalaterra; Arroxelako Ingeniaritza Eskola, Frantzia; Sliveneko Udaleko Erakundea, Bulgaria; Healthy Cities, Txekiar Errepublika eta Bizkaiko Teknologia Parkea).

Partekatu

Beste berri batzuk